XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txaradaren lehen partida irabazia nuen, beraz, edo behinik-behin ez galdua: haren miresmena neureganatua nuen.

Ez zen gutxi.

Baina jakinaren gainean nengoen aski ere ezin izan zitekeela.

Nik oroimena bait nuen arma bakartzat, eta hark berriz paperak aldean.

Arratsalde euritsu hartako argitasun motela ozta-ozta iragazten zen frai Augustusen gelako scriptorium-aren gainera.

Haatik, uda erdian geunden, abuztuko hilean.

Sei hilabete baneramatzan gaztelu komentu honetako harresien barruan, eta aitortu behar dizut, irakurle pazientziatsu horri, otsail aldean hona etorri berritan bezain noragabeturik nengoela.

Zer ziren, izan ere, ordura arte eginak nituen aurkikundeak?

Hutsaren hurrengoak: laberintoan barrena ekin eta birrekindako inkurtsio orohar porrot eginen kariaz han-hemenka jasotako ikergai-ezpalak.

Gakoa falta zen, anizkoitasunari batasuna lemaiokeen giltzarria.

Hipotesiak aurreratu, hipotesiak axiomen mailara igo, eta axiomok, ostera berriz, lan-hipotesi bilakatu: hona nire metodoa, lehen azaldu dudanez.

Huraxe izan zitekeen une egokia scriptorium-aren ondoan geunden eserita, lagun giroan, tearen antzeko infusio bana dastatzen ari Jaun Abade Prioreari aspaldidanik buruan nerabilena bat batean jaulkitzeko.

Deliberatu nintzen, beraz, eta tearen antzeko infusioa (gerora jakin nuen urriloz eta asma-belarrez egindakoa zela) zeukan kikara scriptorium gainean pausatuz, hauxe esan nion ez bat eta ez bi: - Ez dago herensugerik, frai Augustus.

Zu zeu zara herensuge bakarra.

Zerorrek hil dituzu komunitateko anaia guztiak.

Eta zerori zabiltza egin-ahala egia ezkutatu nahian.

Ez zen bat ere artegatu, itxuraz bederen.

Xake-jokalari trebea izaki, nire mugimendu hura ere xake sinboliko bat besterik ez aurrikusia zuen nonbait.

Aisa libratu zen nire presioaz, horretarako frogak beharko zenituzke, frai Arthur muxin bat esanaz.

Dena dela, aski eritzi nion erantzun hari, momentuz; nire hipotesia guztiz aldrebesa izan balitz, espero izatekoa bait zatekeen bestelako erreakzio bat.